Familia mediku eta pediatra euskaldunak

Bagerak (Donostiako euskaltzaleen elkarteak) eta OEEK (Osasungoa euskalduntzeko erakundeak) antolatu duten kanpainaren berri eman nahi dizuegu. Kanpaina horrekin osasun arloan ere euskaraz bizi ahal izateko aukera zabaldu nahi digute guztioi. Helburua: ahalik eta jende gehien familia medikua eta pediatra euskaldunak izatea, eta euskara erabiltzea haiekin ditugun harremanetan.

Bide batez,   Axular Lizeoan ere kanpaina horrekin bat egiten dugula adierazi nahi dizuegu. Euskararen erabilera sustatzea guztion egitekoa denez, ez da nahikoa gure seme-alabak D ereduan eskolatzea. Guk ere, helduok, kontsekuente izan behar dugu hautu horrekin eta euskara erabili behar dugu ahalik eta esparru gehienetan, baita osasun arloan ere.

Horregatik, dagoeneko zuen familia medikua eta pediatra ez badira euskaldunak, guk ere eskaera hori egitera animatzen zaituztegu.

Osasun ona izan, eta bizi euskaraz!