Haurrentzako doako filosofia-saioak

Haurrentzako doako filosofia saioak

Nor zara zu? Zer da haurra izatea? Zertarako behar ditugu lagunak? Hilezkorra izan nahiko zenuke? Nork dauka askatasun handiagoa, zuk ala zure gurasoek? Zeintzuk dira zure ametsak? Zergatik gertatzen dira gerrak? Nondik sortzen da edertasuna?

Bizitzaren misterio handiak arakatzeko prest dagoen haur pentsalari taldea osatzen ari da Jakinmin Elkartea. Animatuko al zara parte hartzera? Ondo pasatzen duten bitartean, detektibe lanetan arituko dira, galdera horiei eta zuk zure buruan dituzun beste batzuei guztion artean erantzuna aurkitu nahian.

Gurasoentzako saioa (ekainaren 18)

Zuen seme-alabek saio hauetan emango dituzten urratsek etxean jarraipena izan dezaten, gurasoentzat saio berezi bat ere diseinatu dugu, “Elkarrekin pentsatzen ikasi” izenekoa. Haur Filosofiak proposatzen dituen baliabide ludiko, sortzaile eta gogoetatsuak ezagutzeko aukera izango duzue. Gerora, familian, ideia erabilgarriak garatu ahal izateko. Gurasoak, beste senitartekoak eta irakasleak ere etor daitezke.

Nahi al zenuke deskubritu…?

    Zer den elkarrizketa filosofikoa?
    Nola lagundu pentsamendu gogoetatsu, autonomo eta sortzailea pizten?
    Zein baliabide dauden proposamen honen inguruan?
    Zer esan nahi duen modu enpatiakoan elkarrekin komunikatzea?

Zer dira haur Filosofia saioak?

Haurrak pentsalari ditugu jaiotzez. Ikasteko jarrera aktiboa erakusten dute, gauza berriak jakin, ikertu, deskubritu nahi dituzte. Etengabean darabiltzate buruan galdera interesgarriak. Hain zuzen ere, gizakiaren jarrera filosofikoa (jakinmina, guztia zalantzan jartzea…) da jakintza guztien jatorria.

Saio hauek haurrek berezkoa duten hori sustatuko dute. Modu ludikoan, giro lasai eta atseginean, elkarrizketa filosofikoa suspertuko da, enpatiaz eta errespetuz komunikatzeko modua dena. Pentsatuz, besteei entzunez, norberaren iritziak taldearekin partekatuz, ideien mundua esploratu eta ikertuko dute.

Noiz: 2022ko ekainaren 4tik (larunbata 4, 11, 18, 25) uztailaren 2ra

Ordutegia: 17:00-18:30

Norentzat: 8-11 urtekoentzat

Hizkuntza: Euskaraz haurrentzat. Gurasoei zuzendutako saioan taldearen beharren arabera aukeratuko da hizkuntza.

Lekua: Kutxa Kultur (Tabakalerako 4. solairua)

Dohainik. Izen-emateak: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.  (haurraren izen-deiturak eta adina. Guraso baten izen-emateak eta NAN zenbakia).

ADI! Ekainaren 18ko saio senitarteko batentzat ere izango da. Adierazi posta elektronikoan E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko., saio honetaz gozatuko duen senitartekoaren izen-deiturak.