IRRIBARTEA, ARTEA, IRRIBARRA eta EUSKARA, EREIN eta HAZI

IRRIBARTEA, ARTEA, IRRIBARRA eta EUSKARA, EREIN eta HAZI

Ibarrako Uzturpe Ikastolak 2022 IRRIBARRA leloaz antolatzen du aurtengo Kilometroak. Ikasturtean zehar, euskal kulturaren atal garrantzitsua den eskulturaren lanketa eta zabaltzeari tokia egin nahi diote. ARTEA, EUSKARA eta IRRIBARRA kontzeptuak batuz, IRRIBARTEA izeneko egitasmoa jarri dute abian, 40 euskal eskultoreen babesa jasoz.

Euskal eskultoreek eskainitako lanak apirilaren 28an hasi eta 15 egunez 16:00etatik 20:00etara Ibarrako Benito Izagirre Kultur Etxean izango dira ikusgai. Eskulturak salgai izango dira erakusketa gune berean edo webgunean. Bestalde, Uzturpe Ikastolako ikasleekin erakusketara bisitaldiak eta eskulturen lanketa pedagogikoak egingo dira.

Ikasleek ere eskulturak sortuko dituzte, eta, horietako bat abiapuntutzat hartuz, euskal eskultore batek gauzatuko du. Aldi berean, Mikel Mendizabalen laguntzaz formazio pedagogikoa egingo da irakasleentzat. Bukatzeko, Tolosaldeko ikasleak
gonbidatuko dira erakusketa bisitatzera.

Urriaren 2an Kilometroak 2022 bukaerako ospakizun egunean, eskultura gune bat kokatuko da, haurrek eskultoreekin batera hainbat material sentitu eta landu ditzaten elkarrekin.

Irribartea erakusketa inauguratzeko ekitaldia apirilaren 28an egingo da. Ekitaldia Ibarrako plazan izango da 19:00etan eta herriko Alurr dantza taldeak parte hartuko du ESKULTURA koreografia eskainiz.