Nola esan ezetz

Argazkiak - Nola esan ezetz

Seme-alabei beren erantzukizunak onartzen laguntzen dieten erreferentzi argi batzuk ematea eta horien eredu bat aurkeztea ez da lan erraza, baina bai beharrezkoa. Ez dugu hainbeste entzuten den esaldi hori sinetsi behar: "nire semea edo alaba nire laguna da". Zu ez zara ez haren laguna ezta haren adiskidea ere, baizik eta haren guraso bakarrik, besterik gabe, eta guraso moduan jokatu behar duzu. Lana neketsua eta zaila da, eta bikoteko bi kideen ahalegina eskatzen du (aita eta ama), arau komun batzuk prestatu eta betearazi behar baitira.

Guraso permisiboa / guraso intolerantea

Hasieran dena ongi dabil, zure seme-alabak irribarre egiten du, ongi sentitzen zara, eta ez dago guztiari baietz esateko eragozpenik. Egia esan, 70 eta 80ko hamarraldietako hezkuntza-teoriek ez zuten inola ere gurasoei laguntzea lortu, seme-alabei mugarik jarri behar ez zitzaiela esanez, traumatizatu egin zitezkeelako. Honek ez du esan nahi guraso zorrotz eta gogorraren irudia berreskuratu behar dugunik. Muturrak ez dira inoiz onak. Baina badaude erreferentzia eta muga argi batzuk, eta horiek haien erantzukizunak onartzen lagun diezaiekete. Guztiak ez duela balio jakin behar dute, benetan libre eta maitatuak sentitu ahal izateko. Nire semea edo alaba nire laguna da. Esaldi hau etengabe errepikatzen bada ere, akats handi bat da. Ez zara, eta ez zara izango, zure seme edo alabaren laguna edo adiskidea, adin-kontu batengatik besterik ez bada ere. Bere aita edo ama zara, beti bere ondoan dagoen pertsona, onerako nahiz txarrerako, edozein egoeratan maitatuko duena, bere ondoan pertsona moduan hazten lagunduko diona. Gutxi al deritzozu? Bi pertsonentzako lana. Ezinbestekoa da bikoteko bi kideek hezkuntza-lana elkarrekin egitea, arau berdinak defendatuz eta aplikatuz. Aita-txarra eta ama-bigunaren irudiak desagertu egin behar du. Oinarrizko gaietan ados jarri eta ez zaitezte bion artean ezeztu, familia hausteko egoera zail batean bazaudete ere. Xantaiarik ez. Biderik errazena hartu eta haien xantaia txikien aurrean amore ematea ez da inoiz aukera zuzena. Aitzakia moduan, balio du horrelako zerbait esateak: etxera nekaturik heltzen gara, ez dugu problema gehiagorik izan nahi, ematen diegun denbora gutxiaren errudun sentitzen gara,... baina, kontuz!, haiek badakite eta egoera aprobetxatzen saiatuko dira. Ez ezazu amore eman! Haien eskaeraren aurrean, onena lasai egotea da, eta haien oldarkortasunaren aurrean, beti tinkotasuna eta maitasuna erakustea. Seme-alabek espero dutena jasotzen ez dutenean kasketaz baliatuko dira. Kasu hauetan, ez zaitez inoiz haiekin hitz egiten saiatu ez zaituztelako entzungo, itxaron ezazu lasaitu arte, eta orduan bai, nahi duzun guztia hitz egin eta hausnartu ezazu, horixe da momentua!

Orduan, zer egin?

  1. Orain arte, gure seme-alabekin izan behar ez dugun portaera-mota aztertu dugu, baina orduan, zer egin dezakegu?
  2. Zure bikotearekin arau batzuk ezarri, gutxi baina argiak, eta defenda itzazue.
  3. Premiazkoa dena eta ez dena bereizi itzazue. Zerbait premiazkoa bada azken hariraino eraman ezazu, garrantzitsua dela uste duzuela erakutsi iezaiezue. Premiazkoa ez bada, beraiekin negoziatu ezazue.
  4. Ez ezazu mehatxurik egin beteko ez dituzun zigorrekin. Zigorra portaera oker baten ondorioa da. Beharrezkoa bada, egindako hutsegitearekin loturiko zigorrak erabili itzazu, eta ez oso luzeak.
  5. Zure seme-alabei entzun iezaiezu beti, ez itzazu begiak itxi harrotzen ari direla pentsatuz. Ez uste irakaslea alarmista bat denik edo gertatzen zaiena hobekien dakien pertsona zu zarenik.
  6. Ez ezazu haien kontsumismoa bultzatu, aukerak eman iezazkiezu.

Iturria: hiru.com